XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Hasieran Parisera joan ginen, eta han bai gogaitu ginela Eneko eta biok!

Gurasoek ez dakit nongo eliza edo katedrala ikusi nahi zuten eta ez dakit zein kale edo etorbide bisitatu.

Kontua da gauean neka-neka eginda ailegatzen ginela hotelera. Ibili eta ibili baino ez genuen egiten.

Gu, ekin eta ekin, ea noiz joango ginen eta noiz joango ginen Eurodisneyra.

Eta azkenean iritsi zen eguna. Orduan ere zorioneko metroa hartu, eta hara abiatu ginen. Eurodisney Parisetik kanpo dago, metroz joanda ordu erdi bat edo.

Eta iritsi ginen halako batez. Eta iritsi baginen iritsi ginen. Ni urduri nindoan; urduri baino gehiago, hunkituta nindoan. Esan dudan bezala, orduan jakin nuen nik zer esan nahi duen hunkitu berbak.

Aliceren abenturak lurralde miresgarrian liburua irakurrita daukat.

Eta ni Alice bezalaxe sentitu nintzen Eurodisneyra sartu nintzenean.

Den-dena zitzaidan liluragarri, miresgarri, ikusgarri, hunkigarri...

Berben esangura ezagutzen hasi nintzen. Sentitu egiten nituen. Irakiten dagoen esneak gainezka egiten duen bezala nituen nik emozioak.

Azal barruan sartu ezinik nindoan, nire ametsetako pertsonaiak ezagutuko bainituen.

Sartu eta, aurrez aurre, printzesa ederraren gaztelu-orratza ikusi nuen.

Errepide zabalaren alboetara arropa-dendak eta haurrentzako gozoki-dendak zeuden, eta jatetxeak eta tabernak.

Nik dena ikusi nahi nuen, dena probatu eta gozatu.

Aita argazkiak egiten hasi zen, eta, gure amaren begiak ikusita, harenak bai plater biribilak! Inondik ere, gu beste ari ziren dibertitzen gurasoak.